Errobi Behereko herri mugimendu bat gaituzu, Uztaritze, Jatsu, Larresoro eta Haltsu aldean jarduten duen 70 pertsonako sare bat, xede gisa gure herriaren biziberritze sozial eta kulturala onartua duena. Gure artean bilduz eta helmugak finkatuz, behetik gora herria biziberritzen saiatzen ari gara: ohitura zaharrak biziberritzen (Olentzero, Kotilunak…), ohitura berriak pizten (Garagarno festa…), proiektu berriak sustatzen (Euskaraldia, Alboka Eguna, hitzaldi eta mintegiak…). Dabilen harriak goroldiorik ez!
Zenbait Kutun-kidek joaldun talde bat osatzea erabaki genuen. Baina ez edozein joaldun talde: zer gara gu, nor gara gu, uztariztarrak gara gu! Hortaz Kotilungorria, herriko pertsonai-ikurra, erreferentziatzat hartu dugu gure taldea osatzeko eta beraz: Kotilunak gira!
Gure elkartearen ekimenak eta egitasmoak gogoko dituzu? Xumeki ala ausarki, behin ala maiztasunez, ekonomikoki lagundu gaitzakezu!